Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.

450 herriko 135.000 lagun Euskaraldiaren protagonista: “Orain arte iritsi ez garen herritar geruza batera iritsi gara”

Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek Euskaraldiaren balorazioan

Maialen Ferreira

Bilbao —
26 de mayo de 2025 21:46 h

0

Maitanek harro darama bere Euskaraldiaren txapa kamisetan jarrita. Parte hartzen duen lehen aldia da eta erronka pertsonala bezala hartu du. Hasierrek, aldiz, lau ediziotan parte hartu du, baina aurten, lehen aldiz, bere lanean ere ekin dio euskaraz hitz egiteari. Hori baita Euskaraldiaren helburua: hizkuntza-ohiturak aldatzea euskararen erabilera sustatzeko.

Atzo, maiatzak 25, bukatu zen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak euskarara gerturatzeko 11 egunetako ariketa praktikoa. Lehen balorazioan, 135.000 pertsonek eta 450 herri ekimenek parte hartu dutela azaldu dute. Zenbakia jaitsi da beste urte batzuekin konparatuta. Izan ere, 2022ko edizioan 158.440 lagunek parte hartu zuten, 2020koan 179.780, eta lehen edizioan, 2018koan, 225.154. Datuen beherakada justifikatzeko, behin txapa dutenean hurrengoko urteetan ez direla berriz inskribatzen azaldu dute, nahiz eta ariketan parte hartu. “Gaur gaurkoz ia 135.000 lagunen izen-emateak ditugu jasota laugarren edizio honetan; nahiz eta oraindik badiren jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena, adibidez. Eta izena eman dutela aipatzen dugunean, diogu milaka eta milaka lagun horiek herritako mahaietan, ordenagailuaren edo mugikorraren bidez, berariaz euskaraldia.eus helbidean sartu eta euren datuak eman dituztela euskaraz gehiago hitz egin eta entzun nahi dutelako. Ikaragarria da hori”, aipatu dute Euskaraldiko koordinazioa mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek Bilbon egindako ekitaldi batean.

Hala ere, azaldu dutenez, inoizko herri gehienek antolatu dute laugarren edizio honetako Euskaraldia. 450 herri izan dira guztira. “Benetan berri pozgarri da euskararen biziberritzean lanean dihardugun eragile eta norbanako guztientzat. Horrek esan nahi baitu inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa. Esfortzu handia egin da mugimendua sortzen, herriz herri lanketa egiten. Orokorrean batzordeen osasunaren seinale da tokian-toki sortzen den mugimendua eta ekintzak antolatzeko gogoa eta ahala; horri erreparatuta, herri eta auzoetan ekitaldi andana antolatu dituzte. Horrek ekarri du euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea 11 egun horietan ere”, esan dute antolatzaileek Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordea ere parte hartu duen ekitaldian.

Hizkuntza ohiturak ez dira gauetik goizera aldatzen. Euskaraldiak arnas luzeko ekimena izan behar du

Aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat urtaro aldaketa izan da, udazkenetik udaberrira pasa baita ariketaldia. Aldaketa oso ondo baloratu dute batzordeek eta gainerako eragileek, horrek aldartean eta giroan onura ekarri duelako bai herrien eta baita batzordekideen artean ere.

Antolatzaileek txapen erabileraren inguruan autokritika pixka bat egin dute gaurko ekitaldian. “Nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugu kaelan, eta hori aztertu beharrekoa da. Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero janzten ez duen. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko”, azaldu dute.

“Dena dela, uste dugu, orain arte iritsi ez garen herritar geruza batera ere iritsi dela Euskaraldia. Orain arte parte hartu ez duten askok hartu dutela parte ariketan, izan entitatearen bitartez ezagutu dutelako edo batzordea eurengana iritsi delako. Zabaltzeko beste pausu bat eman du, beraz, ariketak. Herritar askok eta askok euren hizkuntza ohituren inguruan hausnartu dute, ahobizi edo belarriprest izango diren erabakitzean, esaterako. Eta noski, lehen euskaraz ez ziren elkarrizketak euskaraz izan daitezen saiatu dira, baita lortu ere”, adierazi dute antolatzaileek.

Orain, Euskaraldiaren balorazioa egiteko, parte hartu duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasoko dituzte Euskaraldiaren web orriaren bitartez. “Orain aurrera begira jartzea dagokigu, eta ariketaren inguruko balorazio sakonagoa egitea askotariko eragileekin: herri batzordeak, eragileak, entitateak...hurrengo Euskaraldia are hobeagoa izan dadin. Baina behin eta berriz aipatzen dugu hizkuntza ohiturak ez direla gauetik goizera aldatzen. Euskaraldiak arnas luzeko ekimena izan behar du. Apurka apurka, urratsez urrats, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea, edo elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak bizirik”, ondorioztatu dute.

Etiquetas
He visto un error
stats