'Voces para ver. Testimonios de violencia contra la mujeres, una injusticia normalizada' es un libro que recoge las historias comunes de dolor de las mujeres víctimas de malos tratos. El libro ha sido editado por el Departamento de Empleo, Inclusión Social e Igualdad de la Diputación de Bizkaia.
Kea
Mundu guztia oroitzen da egun horretaz. Mundu guztiak daki non eta zertan zebilen. Nik ere bai. Bazkaltzen amaitzen ari nintzen, etxean. Zain egon nintzen, Julio noiz iritsiko. Baina, berak ez zuen sekula ezer esaten aurretik. Okerrena zera zen, ni aurreratuz gero, aurpegiratzen zidala neuretara nenbilela eta ez niola jaramonik egiten. Eta itxaroten banion, ez larritzeko esaten zidan, bera heldua zelako eta nahi zuenean iristen zelako. Beti-beti izaten zuen eskura errua leporatzeko iruzkinen bat. Berdin zitzaizkion kontraesanak. Berdin zitzaion esatea ‘hau kakaz beterik dago’ eta ‘baietaren histeriko hutsa zara’, edo ‘ez dakit nola egiten duzun beti berandu heltzeko’ eta ‘zaharren antza duzu, bidaia batera doazenean… Benetan joan behar al da ordubete lehenago?’.
Neure platera jasotzen ari nintzen, albistea entzun nuenean. Turismo hegazkin batek jo egin zuela New Yorkeko dorre bikien kontra. Hasieran istripu batez mintzatu ziren. Den-dena mahai gainean utzi eta arreta handiagoa jarri nuen. Ke laino handia ikusten zen iparreko dorre zeritzotenaren goialdean. Zigarro bat bezain fina. Berehala piztu zitzaidan erretzeko gogoa. Baina Juliok eta biok erretzeari utzi nahi genion eta bi egun generamatzan zigarro bat ere erre gabe.
Irudiak hipnotikoak ziren. Gertakariaren ezustekoagatik harritu eta hunkitu nintzen, eta ondoezik sentitu. Gu bertan izan ginen aurreko urtean. Seguru asko tokiak ezagutzeak areago lotzen zaitu leku horietan izaten diren gertakariekin. Gu geu izan gintezkeen orain bertan daudenetariko batzuk. Gure eztei bidaian joan ginen. Nik jomuga erromantikoagoa nahiago izango nuen. Ez dakit, Paris edo Venezia, maitasunarekin zerikusia izango zerbait... New York gustatzen zait, baina ez dut ikusten eztei bidaia batean joateko jomuga gisa. Baina Juliori ilusio handia egiten zion.
Dorre bikiak inauguratu zituzten urte berean jaio zen eta uste zuen kointzidentzia hori haren balio pertsonalaren froga zalantzaezina zela. Ni ere urte horretan jaioa nintzen, baina meritu guztietatik kanpo nengoen. Gogoko du gauza handiekin harremanetan jartzea, nahiz eta gero hegazkin txartelak erostera joateko gauza ere izan ez. Nik antolatu behar izan nuen bidaia osoa, bakar-bakarrik. Bai, berak esaten zuen bi ametsik handienak lotzea bezalakoa zela: nirekin egon eta NYra bidaiatzea.
Konbentzitu ninduen. Orain, Windows of The World ikusteko igo genuen dorre hori sutan zegoen. Abionetaren tamaina handitu eta abioa izatera pasatu zen. Gainera, eraso terrorista baten ideia hedatzen hasi zen hastapeneko ezbai eta hipotesien artean. Azkenean, poltsan erdizka utzitako tabako paketearen bila joan nintzen. Leihoa zabaldu, hautsontzi bat urarekin jarri, zigarro bat piztu eta eseri nintzen ea zer gertatzen zen. Hiru zupada eman orduko, zuzen-zuzenean, bigarren hegazkin batek jo zuen beste dorrearen kontra. Eraikina zeharkatu zuen, orratz baten gisa, eta bertan egin zuen eztanda. Une horretan Julio sartu egin zen etxera.
-Kaixo, zer moduz? Ikusi duzu zer gertatzen ari den New Yorken? Izugarria da. Etorri.
-Bai, New York ikusteko moduan nago ni! Arratsaldea izorratu didate. Urteko memoria prestatu beharra daukat eta jota nago. Zer prestatu duzu bazkaltzeko?
Tira, haserre zetorrela zirudien. Giltzek sarrerako erretiluaren gainera botatzean sortutako zaratak egiaztatu zuen. Haren ohitura zen aldarte txarra aditzera ematea halako zaratotsak ateraz, esaterako ate danbatekoak joz edo, objektuak utzi beharrean, haiekin kolpeak emanez mahaiaren gainean. Ez zegoen soinu bandarik gabeko haserrealdirik.
Bien bitartean, albistegiak aurrera jarraitzen zuen, ke beltzez jantzitako dorreen irudiak eskaintzen; ordurako, gertakaria harrigarria bezain beldurgarria zen. Ordurako ere Juliok gertakaria erdeinatzen zuen, soil-soilik nik, gainerako gizakiek bezala, interesa jartzen nuelako.
-Ea, zerbait prestatu duzu jateko?
-Bai, zerbitzatu dilistak. Baina pixka bat berotu lehenago. Gero legatza neuk prestatuko dizut arrautza irinetan, egin berri jan dezazun.
Handik gutxira, mahaira iritsi zen erretiluaren gainean jarritako platerarekin. Lasaixeago ematen zuen. Ausartu eta berriro ekin nion.
-Ikusi duzu zer ari den pasatzen? Jende asko ibiliko da turismoan, gu iaz egin genuen bezala.
Itxura egin nahian zebilen, baina bere barnera bilduta zegoen erabat. Nik jazotakoaren berri eman nahi izan nion, baina ez nekien entzuten zidan ala ez. Pantailari begiratzeari utzi gabe, koilara ahora eraman zuen.
-Puag, curryrekin! Zergatik egin dituzu dilistak curryrekin?
-Ba, errezeta Interneten ikusi eta, aldatzearren, honelaxe egin ditut. Ez daude txarto, ezta?
-Zerbait gozo badago, betiko dilista putak bezala, zertarako aldatu? Nor uste duzu zarela? Argiñano putoa?
Julio institutuko lehen ikasturtean ezagutu nuen. Batzuetan edertasuna zigorra dela pentsatu izan dut. Niri, behitzat, ez dit gauza onik ekarri. Berehala, binomio perfektua osatu genuen: ikasgelako ederra eta harroxkoa. Hain gidoia klasikoa zen, ezen oso erraza baitzen interpretatzea. Julio eta haren lagunak atzera eta aurrera ibiltzen ziren ikasgelako gainerako neskak izutzen. Kirol poltsa lapurtu eta izerdiz betetako arropa ikasgeletan edo korridoreetan barreiatzen zuten. Edo lepokoekin itotzera jolasten ziren, harik eta erdi asfixiatu arte. Edo organo genitalak margotzen zizkieten mahaietan.
Beti txantxa modura, baina zenbat aldiz mozorrotzen dira txiste modura krudelkeria eta mespretxua? Ni horretatik guztitik libre nengoen idatzirik ez dagoen arau batengatik; baten jabetzakoa zarenean, beste guztiek errespetatzen zaituzte. Tira, baketan lagatzen zaituzte. Niri gogora ekartzen zizkidaten bigarren kateko dokumentaletako animali taldeak. Astirik ere ez nuen izan bizitza osorako diren nesken betiko lagun taldea egiteko. Nire gogoan bera baino ez zegoen. Institutua ere ez nuen amaitu.
Segituan, moda saltoki handi batzuetan hasi nintzen lanean saltzaile gisa. Zenbait baldintza zeuden itxura eta adinaren aldetik eta nik ezin hobeto betetzen nituen. Arrazoi berberengatik, 27 urte nituenerako, kaleratu egin ninduten. Hurrengo urtean ezkonduko ginenez, ezkontzeko prestaketa lanek nire kezka guztiak hartu eta albo batera utzi nuen beste lanen bat bilatzeko zeregina. Harentzat, ordea, nerabezaroko errebeldia lipar bateko kontua baino ez zen izan. Lasaituz joan zen eta enpresa ikasketak egin zituen arazorik gabe.
Urtebete errenta aitorpenak, lantxoak eta antzekoak egiten igaro ondoren, lan egonkorra aurkitu eta nahiko ondo zihoakion. Nagusiarekin padelean eta guzti aritzen zen. Baina munduarekin baretu ahala, nirekiko sumindura handitzen bide zitzaion. Neu nintzen haren ezinikusi guztien erdigunea. Garaikur zahar eta agortua nintzen. Nirekin Alfa Romeorekin bezala gertatzen zitzaion. Harekin ere amorraturik zegoen, harik eta haren interesak aldatu eta BMWra pasatu zen arte.
Alfa “burdina” bilakatu zen, gainetik ahalik eta azkarren kendu beharrekoa. Zazpi hilabeteren buruan, BMWa eskuratu zuen. Prezioa? Ezingo genuen antojurik izan hurrengo hiru urteetan. Orain, berdin gertatzen zitzaion enpresako emakumezko prestatuekin. Urlia itzela zen kontabilitatean, sandiak ez dakit zenbat hobari lortu zituen proiektu batengatik eta berendia hirueleduna zen…
Barregarria, benetan! Emakume mota horiek, hain zuzen, institutuko ikastunak, zatarrak eta bibotedunak ziren, hark eta haren lagunek gogaitu eta martirizatzen zituztenak. Ez dakit nola ikasi ahal izan zuten. Baina nik banekien haietaz bakar-bakarrik ondo hitz egiten zuela ni areago hondoratzeko, beherengoen artean beherena izateko. Altxatu egin nintzen; platera bete dilista kendu eta legatza prestatzera joan nintzen.
Zeharka ikusi nuen dorreei kea zeriela paraleloan. Zauri larri-larriak izan arren, tankera onari eusten zioten, eraso lazgarri horri aurre egiteko prest baleude bezala. Nahiago nuen telebista ikusten jarraitu, hori guztia gure belaunaldiaren une gogoangarria izango baitzen, baina neure burua behartu nuen egoera larriago bihur zezakeen aitzakiarik ez eskaintzeko. Arrautza irabiatzeko zorian nengoela, haren ahotsaren burrunba entzun nuen egongelatik.
-Baina, ze ostia da hau! Zigarro baten mutxikina!
Uraz betetako hautsontzia utzia nuen leiho ertzean. Egongelara iritsi nintzenean, eskuan helduta zeukan. Altxatu egin zuen eta errautsez lohitutako urak arku bat marraztu zuen airean, hautsontziak beirateriaren arasaren kontra jo aurretik. Danbadak galarazi zuen telebistako esatariei entzutea, baina pantailan ere ikus zitekeen nola jausten zen kristal mordoa. Eta jai handi bateko konfetia ziruditen paper ugari ere. Baita pertsonak ere. Zapiak astintzen zituzten edo leihoen kanpoaldeari heltzen zioten eta, azkenean, bere burua erortzen uzten zuten. Hegaldiaren azken segundo horiek pertsona horien azken askatasun unea ziren.
-Eroturik zaude edo zer? Ez duzu borondaterik! Ea bizkortzen zaren! Esan genuen sekula ez genuela gehiago erreko! Pattal nazkantea! Ezin naiz zurekin batera fidatu!
Birao eta madarikazioen parrastadak gora egiten jarraitzen zuen, bai eta ahotsak, irainek eta umiliazioak ere. Eta harekin erretzen ikasi nuela pentsatzea ere! Hasieran ez nuen atsegin, baina, aurre eginez gero, berak kea zupada batez xurgatu eta musu bat ematen zidan ahora pasatzeko. Musuak ez galtzearren, kea irensten nuen.
Estatu Batuetako lehendakaria, George W. Bush, telebistan zegoen ordurako. Bidegabekeria batzuek berehalakoan izaten dute erantzuna. Egun horretara arte Julioren suminaldiak hortxe amaitzen ziren. Den-dena kakanahasten zuen, zerbait hautsiz edo joz, eta haren mespretxua garrasika adierazten zuen, baina, ondoren, lasai eta mantso geratzen zen, katutxo baten antzera. Baina egun horretan ez zuen halakorik egin. Egun horretan harrotzen jarraitu zuen eta, eskura izan ninduenean, katutxoa tigre bihurtu zen. Atzaparrak zabaldu eta ni bultzatzen hasi zen, inguratzeko. Zaplaztekoak ematen hasi zen, ezkerra eta eskuina txandakatuz.
Orrazkera gabeko ilearen bidez sumatu nuen nola jausi zen lehenengo dorrea. Bazirudien belauniko jartzen ari zela kamera geldoan. Berez erretzen ari zen zigarro baten antzera. Bekainean ukabilkada bat jaso nuen. Eta odol tanta lodi baten bidez ikusi ahal izan nuen hodeitza beltz zabal batek nola estaltzen zuen Manhattan.
-Haragi puxka bat besterik ez zara! Ez duzu ezer ere balio!
Burua bi eskuekin heldu eta hormaren kontra jo ninduen. Beherantz labaindu nintzen eta ihes egiten ahalegindu, baina ez nekien norantz. Hanka batetik heldu eta herrestan eraman ninduen kristal hautsien gainetik. Auzokideren batek entzuten egon behar zuen zer ari zen gertatzen gure etxean. Baina ez zen egunik onena. Mundua lanpetuegi zegoen. Pentagonoaren gainera lur jotako beste hegazkin batez mintzatzen ari ziren, Pennsylvanian izandako zerbaitez, Etxe Zuriaren hustuketaz, baina den-dena nahaspilatuegi zegoen, zer jazotzen ari zen ulertzeko.
Une horretan, lehendabiziko abionetaren izualdiak oker-okerrerantz jo zuen. Zutik zirauen dorre bakarretik irteten ari zen kea gero eta trinkoago zen eta hodeitzak itxaropen jipoituen azken hondakinak lainotzen zituen. Bultzatu egin ninduen; mahaiaren gainera erori nintzen. Bertan lepotik heldu zidan ito nahian, baina, orduan, begietara so egin, ‘puta’ deitu eta askatu ninduen. Bere ikasgelara joan zen eta ez nion arratsalde osoan entzun.
Pantailan ere erruz agertzen ziren sinesgogortasun izutuaz betetako newyorktarren begiradak. Eta haien begi ninietan izu gehiagorik ez zela sartuko ematen zuenean, erortzen hasi zen une horretara arte zutik iraundako dorrea. Palmera beltz baten antzera kolapsatu zen. Hurbilen zeudenak ihesean zihoazen partikulez, hondakinez, errautsaz, fuselajeaz eta barruan hildako gizakien hondarrez betetako hodeitza handi eta zabal horretatik. Isiltasun eta hautsa izan ziren munduaren eszena aldatzeko burdinurtuak...
***
Gaur epaitegian nago. Baina ez naiz salaketa jarri duena. Lekuko gisa deitu didate. Hamabost urte igarota! Jipoia amaitu zenean, komunera joan eta zauriak nahiz ebakuntzak desinfektatu nituen. Ondoren, nahaspila batzen hasi nintzen. Automata baten antzera, etxea garbi eta txukun izateko agindu hautsiezinari jarraitu nion. Bi zarama poltsa handi bete nituen hondakinez. Kristalak eskobatu bitartean, Estatu Batuetako lehendakaria atzera ere azaldu zen telebistan.
Umiliazioa handiegia izan zen eta maila bereko erantzuna eman beharra zegoen. Argi zegoen bitarteko guztiak erabiliko zituztela. Oso basatia irudi dezake, baina desiratu nuen mundu gerra sortzea eta gizonezko guzti-guztiak beren artean borroka egitera joatea. Pentsatu nuen gerra batek baino ez ninduela libratuko etxean nuen kinka larritik.
Gauean, Julio berragertu zen eta, bere erara, barkamena eskatzera etorri zitzaidan.
-Urduritzen nauzu eta, gero, begira zer eginarazten didazun.
Uste dut esaldi horrek zeharo ahitu eta gogaitu ninduela. Goizean, lanera joan zenean, gauzak antolatu eta nebari deitu nion, nire bila etortzeko. Den-dena kontatu behar izan nion familiari. Erreakzioa erabateko laguntza eta babesa izan zen. Hala, gau horretan bertan nire aita eta nire neba Julioren bila irten eta zirenak eta ez zirenak esan zizkioten.
Antza haien artean konpontzea lortu zuten, horrek banaketa prozesua izugarri erraztu baitzuen. Bertan desegin ziren gaztaroko arrazoi guztiak. Ordura arte balio izandako guztiak ez zuen etorkizunean balioko. Hain zen handia sentitzen nuen hutsunea, ezen ia bi urte igaro nituen etxetik irten gabe. Azkenean, supermerkatu batean salgaiak birjartzeko lana izan zen nire bizitzarantz berrabiatzeko atea.
Lankideen artean nesken lagunarte ona egin, apartamentu bat alokatu eta ikastaroak egiten hasi nintzen, ordenagailua erabiltzen ikasteko. Munduaren gailurrean nengoela zirudien. Entzunda nuen, gure dibortziotik oso gutxira, Juliok bere bizitza intimoa berregin zuela beste emakume batekin, Noelia delako batekin.
Ez dut ulertzen zergatik tematzen diren bizitza partekatzen hainbeste mesprezatzen dituzten pertsonekin. Poztu egin nintzen, ez beragatik, nigatik baizik. Pentsatzen nuen horrek entretenituko zuela eta, hortaz, nitaz oroitzeko aukerak urrituko zirela. Eta hala izan zen. Ez nuen hari buruz ezer jakin duela, harik eta duela lau hilabete epaitegiko zitazio bat jaso arte, lekuko gisa agertzeko.
Noeliaren familiak salaketa bat jarri zion, tratu txar psikologikoak leporatuta. Eta horretarako nago ni hemen, nire zatiaren berri emateko. Lekuko bakarra naiz, Noeliak bere buru bota baitzuen leihotik pasa den urtean. Horren berri izan nuenean, esaldi batek burrunba egin zidan barnean, arrada gogoragarri gisa: “begira zer eginarazten didazun”.
Eta dorre bikien goiko solairuetatik bere burua botatzen zuen jendeaz oroitu nintzen. Eta ni izan nintekeela pentsatu nuen. Eta pentsatu nuen beharbada istripua baizik ez zela izan. Eta pentsatu nuen zeintzuk izango ote ziren Noelia hil zen eguneko albisteak. Eta pentsatu nuen, gainerako guztia gertatzen den bitartean, gurea beti ari dela gertatzen. Eta pentsatu nuen egun guztiak irailaren 11 direla munduko emakumezkoentzat. Eta hori pentsatzen ari naiz nire adierazpena garrantzizkoa izan daitekeela.
-Andrea, pasatu hemendik, mesedez. Zure izena aipatzen dutenean, hurbildu auzi gelara.
Mundu guztia oroitzen da egun horretaz. Mundu guztiak daki non eta zertan zebilen. Nik ere bai. Bazkaltzen amaitzen ari nintzen, etxean. Zain egon nintzen, Julio noiz iritsiko. Baina, berak ez zuen sekula ezer esaten aurretik. Okerrena zera zen, ni aurreratuz gero, aurpegiratzen zidala neuretara nenbilela eta ez niola jaramonik egiten. Eta itxaroten banion, ez larritzeko esaten zidan, bera heldua zelako eta nahi zuenean iristen zelako. Beti-beti izaten zuen eskura errua leporatzeko iruzkinen bat. Berdin zitzaizkion kontraesanak. Berdin zitzaion esatea ‘hau kakaz beterik dago’ eta ‘baietaren histeriko hutsa zara’, edo ‘ez dakit nola egiten duzun beti berandu heltzeko’ eta ‘zaharren antza duzu, bidaia batera doazenean… Benetan joan behar al da ordubete lehenago?’.
Neure platera jasotzen ari nintzen, albistea entzun nuenean. Turismo hegazkin batek jo egin zuela New Yorkeko dorre bikien kontra. Hasieran istripu batez mintzatu ziren. Den-dena mahai gainean utzi eta arreta handiagoa jarri nuen. Ke laino handia ikusten zen iparreko dorre zeritzotenaren goialdean. Zigarro bat bezain fina. Berehala piztu zitzaidan erretzeko gogoa. Baina Juliok eta biok erretzeari utzi nahi genion eta bi egun generamatzan zigarro bat ere erre gabe.