Gazaren bonbardaketak, Israelen ardurak

0

Gazatik oso irudi gogorrak datozkigu azken egunetan. 200 hildako baino gehiago egon dira Israelen ehundaka bonbardaketen ondorioz. Ez da ezkutatu behar Hamasek suziriak bota dituela, batez ere Tel Aviv hiriaren inguruan. Baina gatazka honetan Israelek ardura handiagoak ditu.

Krisiaren aurretik, Gaza inguratuta eta blokeatuta zuen. Eta krisi honetan neurririk gabeko indarkeria erabiltzen ari delako. Eskolak, ospitaleak eta beste eraikin batzuk suntsituta geratu dira, larunbatean hainbat komunikabideren bulegoekin ikusi zen moduan. Haurrak eta familiak erasotu, zauritu eta erail ditu Israelek. Kaleetan, ‘The Guardian’ egunkariak jasotzen zuen legez, hornidurak moztu dituzte. Asko eta asko argindarrik gabe gelditu dira eta kasu batzuetan arazoak daude edateko urarekin.

Eta guzti hau pandemia baten erdian. Israelek oso azkar banatu ditu txertoak. Eredugarria izan da mundu mailan. Baina Palestinan %4 bakarrik babestuta dago. Euskadin ehuneko hori %15era igotzen da, adibidez. Gazaren egoerak ere, aurrekoak eta oraingoak, eragin zuzena dauka osasun zerbitzuan.

Halaber, krisi honek faktore politikoak eta geoestrategikoak ditu. Batetik, Israelen barne egoera aztertu beharra dago. Netanyahuk ustelkeria arazoak ditu. Eta Gobernuan jarraitzeko arazoak ere. Behintzat, gehiengo nahikorik ez dauka. Hauteskundeak behin eta berriz errepikatu dira azken urteetan. Norbaitek pentsa lezake halako mugimendu militarrak eraginkorrak izan daitezkeela botoak bereganatzeko. Eta, bestetik, Estatu Batuak beti agertu dira Israelen alboan. Joe Bidenek nahi balu, Netanyahu gelditzeko moduko posizioa dauka. Presidenteak, aldiz, Israelek bere burua defendatzeko eskubide osoa daukala adierazi du.

Argi dago juduen holokaustoa historiako sarraskirik ankerrenetakoa izan zela. XX. mendean behintzat bai. Baina horrek ez du Israelen jarduna legitimatzen Palestinan eta XXI. mendean.