Egun hauetan, Afganistanen gertatzen ari denaren harira, ‘Homeland’ telesaila etorri zait burura. ‘Homeland’ aberria esateko modua da Estatu Batuetan edo, beste modu batera esanda, defendatu beharreko etxea. Saioak 2001ko irailaren 11ko atentatuaren osteko ondorioetatik hasi eta CIAren jarduna aztertzen du. Hortik abiatuta, Ekialdeko egoera geopolitikoari gainbegirada bat emateko aukera ematen du. 2011koa da eta 2020an amaitu zen, baina gaurko mugimendu asko aurreikusi zituen.
2001ko urrian, George W. Bushen Gobernuak ‘Enduring Freedom’ operazioa hasi zuen Afganistanen. New Yorkeko erasoaren ostean, Estatu Batuek eta euren aliatuek talibanen aurka egin zuten Al Qaeda erakunde terroristaren buruzagiak babestu zituztelako. Hogei urte igaro dira eta atzerriko indarren egonaldiari amaiera emateko erabakia hartu du Joe Bidenek. Eta ‘Homeland’-en esan ziguten moduan, hori egin eta epe gutxira atzera bueltatzeko arriskua zegoen.
Egia esanda, herrialde gehienen inteligentzia-txostenetan aipamen hori zegoen. Ikusi Espainiakoa, 2021ko martxoan aurkeztuta (euskaraz, itzulpenik gabe): “Bestalde, Afganistan oraindik da atentatu terrorista gehien egiten diren herrialdea, bai eta hildako eta zauritu gehien izan diren herrialdea ere. Lurraldearen zati handi bat talibanen kontrolpean edo talibanen matxinadan dago, eta Al Qaedarekin eta beste talde jihadista batzuekin harremanak ditu oraindik. Tropa estatubatuarren eta aliatuen erretiratzeari buruzko azken erabakiak eragina izan lezake eskualdearen garapenean, terroristentzako babesleku seguru gisa”. Oraingo talibanak itxura modernoagoa izango dute, baina oinarrizko eskubideen murrizketak ekarri dituzte, batez ere emakumeen kasuan.
Bi hamarkadetan, ustez mundu askearen itsasargia den herrialdeak ez du lortu Afganistan egonkortzea. Askatasuna? Ez dut uste. Iraunkorra? … Estatu Batuek babestutako tokiko Gobernuak ez du inoiz lurraldearen %100aren kontrola izan. Ez hori bakarrik, barruan beste indar batzuk ere badaude eta azken urteetan sortuak dira. Daesh (K adarra, kasu honetan) haien artean dago eta dagoeneko atentatuak eragin ditu Kabuleko aireportuan. Bide batez, yihadismoa ez da inoiz desagertu. Gertatu dena da Mendebaldeko atentatuak ez direla errepikatu pandemia garai honetan, baina herrialde musulmanetan erasoak ia egunero ematen dira. 2020an, 2.000 eraso baino gehiago egon ziren. Horietatik, 900 baino gehiago Afganistanen.
Telesailan ere beste galdera bat airean geratzen zen: Saudi Arabiakoak baziren New Yorkeko terrorista gehienak, zergatik ez operazio bat bertan? Bertan emakumeen egoera hobea da? 2001tik hona, gainera, herri horrek dirua inbertitu eta inbertitu egin du mundu mailan eta batez ere Europan islamaren euren ikuspegi erradikala (salafismoa) sustatzeko. Interes ekonomikoak, berriro ere, mahai gainean.
Aireportuan gertatutakoaren ostean, Bidenek terroristen “ehiza” agindu zuen: “We will hunt you down and make you pay”. Esan eta egin. Dronen bidez, Daeshen objektibo bat identifikatu eta bonbardatu zuten. Iraganean, eraso horietako batzuk terrorismoarekin zerikusia ez zuten pertsonak erail dituzte. Eta terroristak badira ere, demokrazia batek bermeak, prozedurak eta epaitegiak ditu. Bestela, zertan desberdintzen dira demokraziak eta demokratikoak ez diren herrialdeak? Eta beste galdera bat: CIAk egun batetik bestera aurkitu zituen terrorista horiek?
‘Homeland’-ek ez zuen eskutatzen hori zela Estatu Batuen jarduteko prozedura. Beti. Etxea defendatu kanpoko patioan gertatzen dena kontuan hartu gabe. Bitxia da bakearen alde eta indarkeriaren aurka New Yorkeko World Trade Center-a zenaren inguruan egindako memorialean Bin Ladenen hilketaren apologia egitea, adibidez. Operazio hartan Bidenek parte hartu zuen, Barack Obamaren presidenteordea zenean. 2001ko atentatuen hogeigarren urteurrenaren bezperan gaude.
PD: Utzi diezaiogun islamari izaera monolitikoa emateari. Katolikoek Aita Santua dute Elizaren buru eta haren doktrina eztabaidagarria izan daiteke baina jarraitzaileen artean legea bihurtzen da. Eta hori ez zaie gertatzen musulmanei. Erlijioari dagokioez, familia ugari daude eta haien arteko taltek -eta kristau edo juduekin dituztenak- egungo gatazka asko azaltzen dituzte. Libanon, esaterako, presidentea kristaua izan behar da, lehen ministroa sunia eta Parlamentuaren burua xiia. Eta gero islam politikoa dator. Herrialdeek euren interesak sustatzeko politika aktiboak egiten dituzte nazioarteari begira. Saudi Arabiaren kasua aipatu dut, baina Iranek ere gauza bera egiten du. Eta Marokok eta Aljeriak talka egin dute azken egunotan. Eta utzi diezaiogun ere erlijioari indarkeria lotzen. Terroristek, yihadistek, erlijioaz baliatzen dira indarkeria praktikatzeko.