Blogs Opinión y blogs

Sobre este blog

Israel eta Palestina

0

Israel eta Palestinaren arteko gatazka larunbatean hasi al zen? Ekialde Hurbileko egoerari buruzko analisia Hamasek asteburuan sortutako indarkeria salatzen hasi beharko dugu, noski. Indarkeriak ez dauka inoiz ez zentzurik ez justifikaziorik. Oso sinplea da: hilketak ez daude ondo; bahiketak ez daude ondo. Giza eskubideen urraketak, orokorrean, ez daude ondo. Baina analisia larunbat goizeko gertakarietara mugatzea ez da egokia.

Israelen irakurketa da hori. Gerra bat planteatu du zerbaiti erantzuna emateko. Baina asteburuan ez zen ezer hasi. Haatik, urtetan eman den gatazkaren jarraipena da. Laburbilduz, Israel zorigaiztoko genozidio baten ondorioz jaio zen eta genozidio baten aldeko Estatua bihurtu dela dirudi.

Hamasen erasoaldia oso sinbolikoa izan zen hiru arrazoiengatik. 'Sabatt' egunean egin zen, zapatuan, larunbatean. Igandea kristauen egun sakratua den moduan eta ostilarala musulmanena, juduen jaieguna zapatua da, bizkaieraz esaten duten moduan. Gainera, Israelen sorreraren 75. urteurrena da. Eta Yom Kippurreko gertakarien 50. urteurrena ere.

Taktikoki (berriro diot, taktikoki), Hamas eta beste milizien erasoaldia oso eraginkorra izan zen. Israelen inteligentziak eta indar armatuek kale egin zuten. Eta nabarmen, gainera. Hamasen lorpenak -soilik ikuspuntu taktiko batetik- oso handiak izan ziren. Duela urte batzuk bahitu bakar baten truke mila preso askatzea lortu zuten eta, orain, dozenaka pertsona eraman dituzte. Hala ere, Hamasen erasoaren indarra dagoeneko gainditu du Israelek. Gatazka honetan desoreka handiko bi indar daude parez pare. Datu bat: 2008tik 2020ra 5.590 palestinar eta 251 israeldar hil dira.

Israelek nazioarteko ebazpenak urratzen ditu egunero. Legez kontrako okupazioak sustatzen ditu. Gaza blokeatuta dagoen eremua da. Eta palestinar lurraldeak banatuta daude. Israelek horrela jokatzen du lagunak dituelako. Oso poteretsuak dira. Estatu Batuen laguntza dauka, noski. 2017an Donald Trumpek Jerusalem juduen herriaren hiriburua zela defendatu zuen eta Joe Bidenek ez du politika hori aldatu. Iran kenduta, beste herrialde handiek Israel babesten dute. Azken urteetan, gainera, Maroko eta Saudi Arabia estatu arabiarrekin hurbilketa bilatu du Israelek.

Egoera honetan, Israelen barne egoera aztertzea interesgarria da. Netanyahu ahul dago eta arerio bat izatea gizartea batzeko tresna eraginkorra izan daiteke. Kritika handiak jaso ditu -inoiz baino handiagoak- Gobernuak Justizia kontrolatzeko adostu duen planak, adibidez. Israelen ultranazionalismoa eta muturreko irakurketa erlijiosoa nagusitu dira azken urteetan. Netanyahu eskuindarra egungo gobernuan ‘ezkertiarrena’ da. Gainera, erradikalizaziorako joera hau -bilakaera demografikoaren ondorioz- geroz eta nabarmenagoa izango da epe ertainera, adituen arabera. Liberalismotik teokraziara abiatu al da Israel?

Eta Palestinan? Gazan, Hamasek kontrola dauka. Blokeoak eta etorkizun ezak ezinegona eragiten dute belaunaldi gazteengan. Yihadismoa edo behintzat islamaren ikuspegi erradikala beste herrialdeetan edo Europan bertan hedatzen bada, nola ez da ba errotuko bertan? Hizbularen eragina oso handia da ere. Eta Iranena. Xiitak dira. Eta ez dugu ahaztu behar Israelen ere arabiarrak bizi direla.

Egoera oso konplexua. Konplexua zen ostiralean eta biharamunean ere hala izango da. Israelek indarrez zapalduko du azkeneko matxinada eta munduak egun hauetako eztabaidak ahaztuko ditu beste gatazka batzuk ahazten dituen moduan.