Blogs Opinión y blogs

Sobre este blog

La portada de mañana
Acceder
La gestión de la DANA y sus mentiras ponen a Mazón contra las cuerdas
Los catedráticos y jefes de mantenimiento que 'salvó' a 1.718 alumnos en la UV
Opinión - Lo siguiente era el fascismo. Por Rosa María Artal

Nafarroako euskalgintza eta erakundeak hasi dira Euskaraldia prestatzen

Herriz-herri aurkeztu eta hedatzen ari den Euskaraldia Nafarroako eragileei aurkezteko ekitaldia egin da Iruñean astearte honetan, martxoaren 14an. Lepo bete den Kondestable jauregiko aretoan, Nafarroako euskalgintzako eta erakundeetako ordezkaritza zabal batek, Euskaraldiaren ezaugarri eta helburu nagusiak ezagutzeko aukera izan du. Nafarroako euskalgintzako hainbat ordezkari, euskara teknikariak, euskaltzaleen elkarteetako kideak, hautetsiak eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak hurbildu dira aurkezpenera.

Argazki esanguratsu batekin hasi da berriro ere Nafarroako Euskaraldiaren aurkezpena. Azaroan Bilbon egindako aurkezpen-prentsaurrekoan egin zen modura, erakundeetako ordezkariak eta euskalgintzakoak izan ditu protagonista argazkiak eta horrela irudikatu nahi izan da Euskaraldiaren oinarrietako bat: eragileen arteko elkarlana.

Ertz horri heldu dio Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak bere mintzaldian. “Proiektuak erantzukizun partekatuak bilatzen ditu” adierazi du Ollo kontseilariak “gizarte-eragileak eta erakunde publikoak batuz, eta norbanakoen zein entitateen inplikazioa bilatuz”. Ideia bertsuei heldu die Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik ere: “Lehenbiziko aldia da erabilera aktibatzeko gizarte-eragileak eta eakunde publikoak batzen direla norbanakoen zein entitateen inplikazioa bilatuz”.

Elkarlana gainera, ekimen zehatz baten bueltan gauzatzeari garrantzia eman dio Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Elena Lakak: “azken urteotan hainbestetan aldarrikatu dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Herriz herri auzolanerako eta eragile arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke”. Herriz-herriko saretzeari eman dio garrantzia Oskar Zapata Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak ere, herrietan elkarlan eremuak sortzeak eta ekimen ilusionagarri baten inguruan biltzeak, euskaltzaleen aktibaziorako ematen duen aukera azpimarratuz.

Zergatik Euskaraldia Nafarroan?

Kike Amonarriz eskaini du aurkezpeneko mintzaldi nagusietako bat. “Zergatik da garrantzitsua Euskaraldia Nafarroarentzat?” galderarekin abiatu du bere hitzartzea herriz-herri hitzaldi ugari eskaintzen ari den soziolinguista Tolosarrak. “Askotan aipatu izan dugu euskara bidegurutze batean dagoela eta hizkuntzaren biziberritze-prozesuari dagokionez, fase-aldaketa batean gaudela” adierazi du Amonarrizek. Bizi dugun une soziolinguistikoaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu, eta une honen garrantzia nabarmendu du, hizkuntzaren normalizazio prozesuan salto kualitatiboa emateko aukera dagoela azpimarratuz. Salto hori emateko elementuetako bat da Euskaraldiak bultzatu nahi dituen hizkuntza ohitura aldaketa eta apurtu nahi dituen inertziak.

Iparraldeko testigantza bat ere jaso ahal izan dute Kondestable jauregira hurbildutako euskaltzaleek. Baiona, Angelu eta Miarritzen martxan jarritako BAM dinamikaren berri eman du Eneko Gorrik, dinamika barnetik bizi izan duen euskaltzaleak. Baiona – Angelu – Miarritze hiri-eremuan metatzen da Ipar Euskal Herriko biztanleriaren gehiena (%40) eta euskara erabilera murriztuena (euskararen ezagutza %8koa da eta kale-erabilera %2koa).

Alta, 2017ko azaroan, 6 hilabeteko prozesu horizontal, parte hartzaile, bateratzaile eta boteretzaile baten ondotik, 806 hiztunek hartu zuten 7 egunez euskaraz bizitzeko engaiamendu formal eta publikoa. Eneko Gorrik dinamikaren arrakastaren giltzak eta utzi dituen irakaspenak aletu ditu, eremu horretan Euskaraldia prestatzen hasiak diren garaian. Euskaraldia ekimenaren aurkezpena Arrate Illaro koordinatzaileak egin du. Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena nola eta norekin gauzatuko den azaldu du eta Nafarroan dagoen mugimenduaren berri ere eman du. Ekitaldia musikarekin lagundua izan da, Oskar Estangaren emanaldiarekin.

Euskaraldia Nafarroan

2017ko azaroan egin ziren lehen aurkezpenak Nafarroan: Erronkari eta Zaraitzu izan ziren lehenak. Ordudanik, herriz-herri eman da Euskaraldiaren berri, euskara zerbitzua duten eremu gehienek izan dute egitasmo honen inguruko informazioa. Tafalla, Sakana, Malerreka, Lizarra, Burlata, Zizur Nagusia, zerrenda luzea osatzen dute Nafarroako herri eta eskualdeek. Lehen herriak hasi dira izena ematen jadanik. Herri askok dagoeneko martxan jarri dute egitasmoa, batzorde bat eratu dute eta izena eman dute aurretik aipatutakoaren harira. Viana, Aranguren, Galarreko Zendea, Lizarra eta Estellerria, Eguesibar, Baztan, Esteribar, Arbizu, Atarrabia eta Irurtzun zerrenda horretako partaide dira. Batzordeetako kideak ahalduntzeko saioak zenbait herritan garatzen ari dira eta geroz eta handiagoa bilakatzen ari da Euskaraldiaren olatua Nafarroan ere.

Ilusioa somatu da Iruñeko aurkezpenean eta Euskaraldiaren olatua ari da Nafarroako herrien parte hartzearekin hazten. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Nafarroako euskaltzaleek ere inertziak apurtuko dituzte beraz.

Herriz-herri aurkeztu eta hedatzen ari den Euskaraldia Nafarroako eragileei aurkezteko ekitaldia egin da Iruñean astearte honetan, martxoaren 14an. Lepo bete den Kondestable jauregiko aretoan, Nafarroako euskalgintzako eta erakundeetako ordezkaritza zabal batek, Euskaraldiaren ezaugarri eta helburu nagusiak ezagutzeko aukera izan du. Nafarroako euskalgintzako hainbat ordezkari, euskara teknikariak, euskaltzaleen elkarteetako kideak, hautetsiak eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkariak hurbildu dira aurkezpenera.

Argazki esanguratsu batekin hasi da berriro ere Nafarroako Euskaraldiaren aurkezpena. Azaroan Bilbon egindako aurkezpen-prentsaurrekoan egin zen modura, erakundeetako ordezkariak eta euskalgintzakoak izan ditu protagonista argazkiak eta horrela irudikatu nahi izan da Euskaraldiaren oinarrietako bat: eragileen arteko elkarlana.