Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.
Zinegoak, etiketarik gabeko mundu batekin amesten duen jaialdia
Bi emakumeen arteko maitasun istorioa. Emakume bat, cis da. Bestea, ordea, trans. Beraiek dira Zinegoak, Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 17. edizioko kartelaren protagonistak. Irudiaren egilea Mar Saez argazkilaria da, eta argazkia “Vera y Victoria” proiektuaren parte da.
Jaialdia, otsailaren 24an hasi eta martxoaren 8an bukatuko da, emakumearen nazioarteko egunean. Aurten, Zinegoak jaialdiak arreta handia jarri nahi izan du sexu-aniztasunak gizabanako gisa ematen dituzten aukeren aniztasunean.
“Emakume cis lesbianak, gizon trans heterosexualak, pertsona bisexualen arteko bikoteak… Izan ere, sexu-aniztasunari heltzean, pertsonen orientazioan bakarrik geratzea errealitatea mugatzea da. Izateko, adierazteko, sentitzeko edo maitatzeko modu asko dago, ñabardura asko daude, eta ñabardura horiek guztiek gure gorputzekin, sentimenduekin eta emozioekin askoz ere egokiago bizitzeko aukera ematen digute”, adierazi dute antolatzaileek prentsa ohar batean.
Pau Guillen jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, “aurten erakutsi nahi genuen sexu-aniztasunaz berba egiten dugunean pertsonen sexu-orientazioaz baino gauza gehiagoz ari garela. Genero-identitateaz edo genero-adierazpenaz ere berba egin nahi dugu, besteak beste. Elementu horien konbinazioek hamaika aukera sortzen dituzte”. Aurtengo kartelak ildo horrekin bat egiten duela azpimarratu du Guillenek: “Mar Saezen lanak oso modu baikor eta zuzena eskaintzen digu gai horiei guztiei kalitate estetiko eta artistiko handiko irudiaren bidez heldu ahal izateko”.
Nire samurai txiki handia
Jaialdia, Mi gran pequeño samurai (Nire samurai txiki handia) dokumental laburrarekin hasiko da, Arriaga antzokian. Film hau, orain dela bi urte buruaz beste egin zuen trans gazte baten historioa kontatzen du, Ekai Lersundirena, izan ere. “Film labur honen helburu nagusia da jendea laguntzea”, adierazi du Arantza Ibarra dokumentalaren zuzendariak. Eta arduradunek ere errealitate hori azaleratzeko helburuarekin programatu dute filma hasierako ekitaldian: LGTBI mugimenduko kideen artean dauden suizidioei ikusgarritasuna emateko. Hala azaldu du filma Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak: “Ez du bilatu morboa eta ez du atzera begiratzen. Etorkizuna du helburu”.
“Askotan galdetzen digute ea beharrezkoak diren horrenbeste etiketa. Gure ideia justu kontrakoa da, denak ezabatzea, baina beharrezkoa egiten jarraitzen duten bitartean, identifikatu ahal izateko eta gizarte osoak izan, maitatu edo adierazteko ditugun modu desberdinak ikusarazi ahal izateko, uste dugu pertsona guztientzat sortu behar direla” erantsi du Guillenek.
Zinegoak, otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean egingo da, baina aurreko egunetan, ohi bezala, beste elkarte, kolektibo eta erakunde batzuekin batera hainbat jarduera egingo dira “3,2,1 … Zinegoak!” Atalaren barruan.
0