Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.
Zubietako Goyak, beste zazpi urtez Bilboko Arte Ederren Museoan
Apirilaren 26an, Bilboko Arte Ederren museoak Adán de Yarza familiaren hiru erretratu ezagutarazi zituen, alegia, “Zubietako Goyak”; lan horiek Francisco de Goyak margotu zituen 1780ko hamarkadaren amaieran. Egun horretara arte, eta Eusko Jaurlaritzak erretratuak Frantziara 1937an eraman zituenetik, horiek Gerra Zibilean babesteko, erreferentzia akademikoetan, prentsan eta garai hartako argazkien bidez baino ez ziren ezagunak.
Harrezkero, eta jabetza aldatu gabe, hiru erretratuak bere horretan mantendu ziren, anonimaturik absolutuenean, baina, beraien ondorengoen nahiari esker, berreskuratu eta aztertu ahal izan dira, bai eta horiek jendaurrean eta komunitate zientifikoari erakutsi ere, lehenengo aldiz, Bilboko Arte Ederren Museoan. Erretratuak museoan daude ikusgai, agiri historikoekin eta horiek lekualdatzeko orain dela zortzi hamarkada erabili zen jatorrizko kutxarekin batera. Erretratuak jendaurrean erakutsi diren hilabeteetan zehar, horien jabe den familiak adierazi du “oso pozik dagoela obrak ezagutarazteko aukera dela-eta”, bai eta “haien historiari eta herrialdeari lotuta jarraitu dezaten” nahi dutela ere.
Museoak egindako ikerketa-proiektu handiaren ondorioak “Zubietako Goyak. Adán de Yarza familiaren erretratuak” izeneko argitalpen digitalean daude jasota. Bertan, hau azaltzen da: mihiseek Adán de Yarza Bizkaiko familia gorenaren hiru kideak –jatorriz, Lekeitiokoak dira, eta haien leinua X. mendekoa da– erakusten dituzte: Bernarda Tavira, alarguna eta 1787an María Ramona de Barbachanorekin ezkondutako Antonio Adán de Yarzaren ama. Ziurrenik, Madrilen margotu zituen ezkontzaren egunaren inguruan, eta 1790. urtearen bueltan, erregearen ganbera-margolaria zenean, margolariak izan zuen erretratugile-jarduera handiaren adierazgarri gorena dira hirurak.
Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta museoaren Patronatuaren presidenteak, bere poztasuna adierazi du. Izan ere, “Bizkaiko arte-ondare izugarri hau berreskuratuta eta aztertuta, Zubietako hiru Goyak gure museoan 2027ra arte ikusgai egongo direla esan daiteke orain”. Gainera, familiak egindako keinu berri hau eskertu du, “modu bikainean ematen baitio amaiera museoarentzat erabakigarria izan den urte bati, non ikusi ahal izan dugun erakundeen eta herritarren arteko loturak emaitzarik onenak ematen jarraitzen duela oraindik ere”.
0