Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.
Bikoiztaile euskaldunen elkartea: “EITB-k ez du inola babestu bikoizketa, ez indartu ez eutsi. Kontrakoa egin du!”
Joan zen astean, eldiarionorte.es-ek eta Kultur On-ek argitaratu zuten Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuari, Bingen Zupiriari, egindako elkarrizketa. Bertan, Sailburuak euskal bikoizketaren egoerari buruz hitz egiten du, “ETB 1ean bikoiztuta edo azpitituluekin eskaini nahi diren produktuak ahalegin ekonomiko eta profesional handia eskatzen dutela”, adieraziz.
“Egia da badagoela sektore profesional bat, txikia, baina badagoena, EITBk euskarari egiten dion bikoizketa-ordu kopurua murrizteko hartutako erabakiengatik lan-arloan eta profesionalki kaltetua ikusi dena. Euskarara bikoiztea EITBk osorik eta bakardadean egin duen jarduera da. ETB 2k gaztelaniaz igortzen dituen filmak bikoiztuta datoz eta azpitituluak gaztelaniara pasatzen dituzte, euskararekin ez da hori gertatzen. ETB 1ean bikoiztuta edo azpitituluekin eskaini nahi diren produktuek ahalegin ekonomiko eta profesional handia eskatzen dute. EITBk bere garaian hartu zuen bikoizketa horri eusteko eta bikoizketa hori indartzeko erabakia estrategikoa izan zen, batez ere gazteenekin zerikusia duen programazioan. Badugu egiteke, eta EITBk badu oraindik fikzioaren, telesailen edo filmen munduarekin eskaintza bat egiteko erronka” erantzun zuen Bingen Zupiriak bikoizketaren krisia ea arazo bat den galdetu ziotenean.
Erantzun hori ez zaie egokia iruditu Bieuse Bikoitzaile euskaldunen elkartearen parte hartzen duten langileei eta komunikatu bat argitaratu dute Sailburuaren hitzak gezurtatzeko:
“EITB-k ez du inola babestu bikoizketa, ez indartu ez eutsi. Kontrakoa egin du! Orduak murriztu eta lanaren baldintza artistikoak salneurri jaitsieraren truke gupida gabe sarraskitu! Bide batez, Sailburuak aipatzen duen gazteenekin eta bikoizketarekin zerikusia duen programazioak, ETB3-n ematen den horrek, inoiz baino ikusle gutxiago du, edukien eskasia dela eta”, adierazi dute.
Soldatak, %40ko jaitsiera 15 urteetan
Komunikatuan, ETB-k bikoizketa lehiaketara ateratzen duen ordu kopuruaren % 25/30 gaztelerazko bikoizketa egiteko dela adierazi dute. Aipatu dutenez, “estatu mailako lan hitzarmenak saihestuz, salneurri murritzenekin bikoizten dira” eta horrek, lankideen artean, “eskirol jarrerak sortzen ditu”. Gainera, bikoiztaileen soldatak orain 15 urtekoekin alderatuz, %40 jaitsiarazi dituztela salatu dute “EITBko zuzendaritzak eta Zupiriaren gestioarengatik”. Hori dena, “ETB-k lana esleitzen duen Mixer enpresaren bidez azken 6 urtetan” gertatu dela salatu dute.
Nahiz eta Sailburuari egoeraren berri eman, bikoiztaileek bere ahotik jasotako hitz bakarra ez izan dela salatu dute.
“Dagoeneko argi dugu ez dela inoiz azalpenik izango, azalpen ekonomikoa gezur hutsa baita, hamarkadetan egindako lana eta sortutako esparru profesionala, inolako gupidarik gabe, bertan behera zokoratuz, desegiteraino zergatik eraman den. Euskaltzaindia beraren hitzetan, bikoizketak hizkuntza gutxitu bati egin diezaiokeen ekarpen erraldoia, arbuiatu egin da, edonolako aitzakia merkeak erabiliz. Ez Zupiria Jauna! ETB-k euskararen telebista behar du izan, euskal nazioaren telebista! Eta horretarako, nahitaezkoa da fikzioa EUSKARAZ!”, adierazi dute.